Zenbait gomendio, euskarazko azterketako idazlana
hobeto egiteko
Gauza jakina da azterketa
bat gainditzeko ez dagoela errezeta magikorik, eta are
gutxiago, hizkuntzaren ezagupena egiaztatzeko azterketa
baldin bada. Hala ere, EGA, hizkuntza eskakizunak eta
horrelako probak egin behar diren bakoitzean, lagun pilo
batek jotzen du irakasle, aztertzaile eta adituengana
aholku bila: “Aizu, nola idatzi behar dut aprobatzeko?”
Bada, oraingoan, gauza bera egin dugu geuk. Aztertzaile
horiekin harremanetan jarri eta euren gomendioak jaso.
Ea baten bat baliagarri gertatzen zaizun.
1. Azterketa behar bezala prestatzeko
komenigarria izaten da aldez aurretik kalitatezko
testuak euskaraz irakurtzea. Ikusi nola aritzen diren
idazle onak, aztertu beraien idazkera, eta buruan gorde
gehien gustatzen zaizkizun egiturak, hitzak eta
esamoldeak.
2. Saia zaitez jarriko dizuten gaia
asmatzen. Kontuan izan aztertzaileak arazo bera izaten
duela gaia aukeratzeko orduan, eta, horrelakoetan,
gaurkotasuneko gaietara jotzen duela gehienetan (egunkarietako
berriak, aldizkarietako artikuluak...).
3. Praktikatu behin eta berriro, eta,
ahal izanez gero, azterketaren baldintzak errespetatuz (denbora,
luzera...). Gero, aberasgarria izan daiteke dakien bati
testua ematea eta zuzentzeko eskatzea.
4. Honaino helduta, ohartxo bat:
azterketara prestatuta eramaten diren idazki-zatiei (sarrerak,
amaierak) igarri egiten zaie normalean. Batzuetan, tokiz
kanpo daude; beste batzuetan, ez dute zerikusi handirik
idazlan osoaren maila eta tonuarekin. Hitz batean: ez
zaizue komeni horrelakoetara jotzea. Horrek ez du esan
nahi, jakina, den-dena inprobisatu behar dugunik.
Zenbait gauza landuta eraman daitezke, adibidez,
esaldien arteko lotura batzuk etab.
5. Prestatu ondo azterketara eraman
behar duzun materiala: karneta, boligrafoa, ezabagailuak...
6. Aztertzaileek gai edo egoera bat
proposatuko dizute idazlanean, eta zuk egoera hori
benetakoa balitz bezala jokatu behar duzu. Demagun
zinegotzi bati idatzi behar diozula zerbaitetarako.
Idatziozu, ba, serio, eta egiazko gutuna bidaliko
bazenio bezala, aztertzaileak zinegotzia bailitzan
begiratuko baitio mezuaren funtsari.
7. Banatu denbora, hiru ekintza hauek
kontuan izanik: eskema, idazlana bera eta zuzenketa.
Eskaini aldi bakoitzari merezi dituen minutuak.
8. Eskema egiten emandako denbora ez da
lan alferra; izan ere, eskema on batek gaiaren garapen
egokia ziurtatzen du, eta inprobisazioa baztertzen.
Bestela, ideiak agortu, eta agindutako lerroak idatzi
nahian, noraezean ibiliko gara eta betelanean hasiko.
9. Errespetatu ematen dizuten gaia eta
proposatzen dizuten idazki-mota. Ez tranparik egin.
10. Irakurri arretaz azterketako
oharrak, baina ez kopiatu hitzez hitz argibideetako
esaldiak eta adibideak.
11. Idazten hasi baino lehen pentsatu
ondo zein den idazkiaren helburua (informazioa ematea,
zerbait eskatzea, konbentzitzea...), zein eragin sortu
nahi duzun irakurleengan (harritzea, zure aldeko
bihurtzea...), nolako tonua erabiliko duzun (formala...),
eta abar.
12. Litekeena da euskara zure ama-hizkuntza
ez izatea edota erdara baino gutxiago menperatzea. Jakin
ezazu euskaraz idazterakoan zure mailak zeozer jaitsi
behar duela ezinbestez; hau da, erdaraz esaten dituzun
gauza batzuk edo esaten dituzun moduan nekez eman ahalko
dituzula euskaraz. Hori onartzea eta apaltasunez
jokatzea abiaburu ona izaten da.
13. Eginahalak egin euskaraz
pentsatzeko, eta ez gaztelaniaz. Egizu kontu gaia ahoz
azaldu behar duzula, hizketan. Horrek izan behar du zure
abiapuntua, eta hortik aurrera, nahi duzun bezala
apaindu idazlana, beti ere, euskal diskurtsoan
oinarriturik.
14. Aztertzaileek gutxieneko abstrakzio
maila eskatu ohi dute. Istorioak, pasadizoak... ondo
daude eta onargarriak dira, gaia eta argudioak
biribiltzeko. Baina, maiz, idazlana anekdotetan
oinarritzea adierazpen pobreziaren erakusgarri izan
daiteke.
15. Komunikagarritasunak izan behar du
gure helmuga. Aztertzaileak behin bakarrik irakurri
beharko luke esaldi bakoitza; hortaz, ez luke zertan
ibili saltoka esanahiari antzemateko. Hori dela-eta,
testua zuzentzerakoan kontuan izan behar dugu guretzat
argi eta garbi adierazita dagoena irakurlearentzat
ilunagoa izan daitekeela. Beraz, zalantzarik badago,
hobe berridaztea.
16. Ahalegindu zaitez letra onez
idazten aztertzaileak ez nekarazteko; eta, aukeran,
letra txikiz; bestela, aztertzaileek ezin dute neurtu
nola erabiltzen dituzun letra larriak.
17. Izenburuak, azpi-izenburuak,
oinoharrak eta horrelakoak lagungarriak izan daitezke
testua egituratzeko.
18. Erabili lerroaldeak azpigaiak
garatzeko.
19. On da papera aurreztea, baina utzi
arnasten testuari. Marjinak eta zuriuneak eskertzekoak
dira, gutxiago idazteko aitzakia gisa hartzen ez badira,
behintzat.
20. Idazlanen ehuneko handi batek
“ohiko” hasiera izaten du, adibidez: Gaur egun argaltzea
da gure gizartea gehien kezkatzen duen gaietariko bat.
Ez ahaztu lehen lerroaldeak aztertzailearen arreta
erakartzeko balio duela, eta bide ugari dagoela
horretarako; horietako bat, originaltasuna.
21. Idazlanaren azken lerroaldearekin
agur egiten diozu aztertzaileari. Presaka ibili arren,
testu bat ezin da edozein
modutan amaitu. Ahalegindu zaitez, beraz, zure
idazlanari nolabaiteko betetasuna ematen.
22. Idatzian aurrera egin ahala,
kontzentrazioa galdu egiten da askotan, eta, horren
ondorioz, akatsak pilatu egiten dira bukaeran. Eutsi
kontzentrazioari, izan ere, hasiera onek ez dute
ezertarako balio, behin erdialdera helduta hanka-sartze
guztiak biltzen badira.
23. Idazten ari zarela, aukeratu hitz
egokiak eta zehatzak, azaldu nahi duzuna adierazteko.
24. Gehienez ere 20-25 hitzeko esaldiak
idaztea komeni da ideiak jorratzeko. Edozein modutan
ere, monotonia hausteko, esaldi luzexeagoak eta
laburtxoagoak tartekatu, erritmoarekin jokatuz.
25. Testuaren baitan perpausek elkarri
uztarturik egon behar dute; eta lerroaldeen artean ere
halako lotura bat beharrezkoa da, horrek bideak urratzen
baitizkio ideien garapenari.
26. Arestian esan dugu idazten hasi
aurretik garbi izan behar dugula zein den gure helburua
eta baita testuan barrena erabiliko dugun tonua ere.
Hori horrela, zenbait idazki formaletan tokiz kanpo egon
daitezke honelako esamoldeak: kristona, demasa ...
27. Azterketari askorentzat, puntuazio-zeinuak
jartzeko garaian, eta kasurik hoberenean, koma eta
puntua besterik ez dago; eta, batzuetan, gaizki
erabilita. Gogoratu bestelako zeinuak ere hortxe
ditugula eta testua antolatzen laguntzen digutela:
galdera eta harridura markak, efektu erretoriko batzuk
sortzeko; parentesiak eta marra luzeak, azalpenak esaldi
nagusitik kanpo ateratzeko; eta horrela... asko eta asko.
28. Egitura batzuk, nahigabe,
errepikatzeko joera daukagu, eta testuak -(e)larik, -z,
bait eta horrelakoez betetzen dira. Azterketa egin baino
lehen, aztertu zein diren zure errepikapenak eta saiatu
kontrolatzen eta parekoak bilatzen.
29. Aztertzaileak ezin du jakin zuk
esaldi bat izan duzula buruan eta ez duzula asmatu behar
bezala idazten. Ideia bat emateko modu asko dago, eta
bide batetik abiatuta irteerarik aurkitzen ez baduzu,
atzera bueltatu eta berridatzi beste era batera. Azken
batean, zeuk kontrolatu behar duzu arriskua eta, beraz,
idazkia; ez alderantziz.
30. Azterketa egin behar duen jende
askok uste du gramatikako zailtasunetan oinarritu behar
duela bere idazlanaren garapena; hau da, zenbat eta
subjuntibo eta baldintza gehiago sartu, orduan eta
aukera handiagoa izango duela aztertzaileak liluratzeko,
eta ondorioz, azterketa hori gainditzeko. Kontuz
horrekin. Idazlan bat ezin da aurrera atera,
euskaltegian ikasitako guztia biltzeko aukera izango
balitz bezala. Idazlan batean gai bat jorratu nahi dugu
ideia batzuen bitartez; horrenbestez, hasierako eskeman
jasotakoa garatzera jo behar dugu, ustez nota ona eman
behar diguten baina tokiz kanpo egon daitezkeen kontuak
bazter utzita.
31. Idazten ari zarela, gelditu noizean
behin, irakurri idatzitakoa, eta gustura ez bazaude,
berridatzi. Berriro ere gogoratu irizpide nagusia:
irakurtzerakoan, zu zeu, trabatuta geratzen bazara,
seinale txarra.
32. Amaitzeko hamar edo hamabost minutu
falta direnean hasi zaitez zuzentzen, eta ahal dela,
modu sistematikoan (ortografia, joskera...).
33. Arreta handiz begiratu
aztertzaileek ere arreta handiz begiratuko dituzten
gauzak (ergatibo markak, pluraltzaileak....), edota
etxean edo klasean egiten dituzun idazlanetan gehien
errepikatzen dituzun akatsak (ergatibo pluralak,
erlatibozko esaldiak eta konpletiboak nahastu...).
34. A!, ez ahaztu: aldaketa bat egiten
duzun bakoitzean, begiratu ea nahi gabe arazoren bat
sortarazi duzun komunztaduran.
Aholkuak aholku, hona hemen azken gomendio bat,
programatik kanpokoa, baina, nire ustez, garrantzitsuena:
gozatu idazten eta idatzi gozatuz. Azterketa batek
egoera larrian jartzen bazaitu ere, ez ibili estu eta
larri: saiatu aztertzaileei erakusten zein ondo idazten
dakizun.
Joseba Lozano
HAEEko administrazioko hizkeraren arduraduna
A D M I N I S T R A Z I O A E U S K A R A Z